Jarduerak >>


Rikardo Arregi aldizkaritegia

1994 urtean sortu zuen Larramendi Bazkunak Rikardo Arregi aldizkaritegia Andoainen. Orain arte Doktor Huitziko egoitzan gordeta egon den bilduma, aurrerantzean Arantzibian kokatuko da, aurrez bezala, behar duen edonoren eskura.

Rikardo Arregi kazetari andoaindarra gogoan, duela 18 urte eman zituen Larramendi Bazkunak aldizkaritegia abian jartzeko lehen urratsak. Baina Bazkuneko lehendakari Jon Unanuek adierazi duenez, ez ziren hutsetik abiatu. “Andoaingo Udalak Euskara Zerbitzuan zeukan bilduma bat oinarritzat hartuta eta Kultura Lansailaren laguntzarekin sortu genuen aldizkaritegia. Ordurako martxan zen jada Rikardo Arregi Kazetaritza Saria eta, Larramendi Bazkuneko kideok, euskal prentsaren beharretako bat, kazetaritza idatzi horren azterketa egitea nahiz kazetaritza hori bildu, sailkatu eta kontsultagai jartzea garrantzitsua zela ikusi genuen. Oso lan interesgarria iruditu zitzaigun eta, era berean, Rikardo Arregi herritarra gogoan, Andoaini nahiz Bazkunari bazegokiola egitasmo hori martxan jartzea, bera izan baitzen euskal kazetaritza idatzia modernizatu zuena”. Bide horretan, xume-xume hasi zirela aitortu du Unanuek eta ordurako jakinaren gainean zeudela beste hainbat lekutan bazela gisa horretako bildumarik: Besteak beste, Sancho el Sabio Fundazioa edota Juan Joxe Agirreren Lazkaoko Artxibategia… “Ez genekien, ordea, zenbateraino, beste erakunde batzuek, –Eusko Jaurlaritzak izan ezik– eduki zezaketen euskara hutsez argitara ematen den paperezko prentsa bilduma osoa, eta horregatik ekin genion bideari”. Bazkunaren hasierako helburuak aldizkari eta egunkariak katalogatzeaz gain, pixkanaka edukiak digitalizatzen hastea zen, euskal kazetaritza idatziaren gainean ikertegia sortzeko. “Orduan oraindik, egun daukagun teknologia berrien iraultza ikaragarri hau ez zen hainbestekoa, nahiz eta suma zitekeen zer edo zer bazetorrela. Oso poliki-poliki, modu xume eta apalean hasi ginen aldizkaritegia osatzen, fondo zaharrak erosten edota dohainik eman zizkiguten emaileengandik jasotzen…”. Andoaingo Udaleko Kultura Lansailak urtero hutsik egin gabe eman dien 4.300 euroko diru-laguntza izan ezik edota 1996 urtean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eman zien 6.000 euroko diru-laguntza puntuala izan ezik, 18 urteko ibilbidean aldizkaritegia aurrera ateratzeko moduko diru-laguntza publikorik jaso ez dutela azaldu du Bazkuneko lehendakariak eta egoera horrek zaildu egin duela euren hasierako helburuei aurre egitea. Iaz lehenengoz, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 6.000 euro pasatxoko diru-laguntza eman ziela ere jakinarazi du, baina euren ibilbidean oztopo asko izan dituztela behar bezala egitasmoa aurrera ateratzeko. “Diru-laguntza txiki horiekin lanerako giza baliabideak oso mugatuak izan ditugu eta Larramendi Bazkuneko bazkideen lanari eta ekarpenei esker osatu ahal izan dugu orain arteko fondoa. Elixabete Jauregi eta Arantxa Urkizu bazkideak nahiz Ainara Loiarte langilea aritu dira orain artean nagusiki”.

Paperezko euskarritik, digitalera

18 urte hauetako emaitza nagusia, euskal kazetaritza idatziaren bilduma neurri handi batean osatu ahal izatea izan dela argitu du Unanuek. Eta aurrera begira ere garbi dituztela euren helburuak: “orain artean bezala, bilduma edonori kontsultarako uztea eta aldi berean, aldizkaritegi horren baitan ikerketa gune bat sortzea euskal kazetaritza idatziaren edukiei buruzkoa, ikuspegi sinkroniko nahiz diakroniko batetik”. Zalantzarik gabe, ageriko aldaketa gertatu da azken urteotan; teknologia berriek euskarazko prentsa idatzia paperezko euskarritik euskarri digitalera joatea ekarri baitute, “papera desagertzeko bidean doala dirudien arren, oraindik paperaren gainean lan handia dago egiteko; dena digitalizatzeko baitago. Inoiz izan ez duen indarra eman nahiko genioke aurrerantzean egitasmoari, baina ez dugu erraz ikusten: hainbat erakunderi laguntza eskatu diogu, baina oraingoz ate guztiak itxita aurkitu ditugu. Gure nahia erakunde pribatu nahiz publikoekin hitzarmen bat lortzea litzateke, ezinezkoa baita autofinantzatzea”. Dudarik ez dago momentu txarra dela arnasa hartzeko erakundeen diru-laguntza ezinbestekoa duten komunikabide nahiz kultur elkarteei begira, “momentu zailak bizitzen ari gara eta etorkizun hurbila oso gorri ikusten dugu; izan ere dirua desagertzen ari da eta Jaurlaritzaren, Foru Aldundiaren nahiz eskualdeko Udalen diru-laguntzak jaisten ari dira ia leku guztietan”, adierazi du Bazkuneko lehendakariak.

Arre edo so egin beharra

Urte hauetan guztietan sortu zaien leku faltaren arazoak eraman ditu Larramendi Bazkuneko kideak eman duten jauzia ematera, hots, Doktor Huitzi kaleko egoitzatik Arantzibiara igarotzera; “18 urte hauetan osatu dugun bilduma non gorderik jada ez geneukan eta oso baldintza kaskarretan geneukan Doktor Huitziko egoitzan. Egoera horrek ezinbestean egoitza aldaketaren apustua egitera behartu gaitu, dudarik gabe, XX. mendeko egoera ekonomikorik kaskarrenean. Dagoeneko ikusi dugun bezala arriskuz betetako apustua da, baina arre edo so egin beharra zegoen. Badira urte batzuk gaiarekin bueltaka gabiltzala eta behin baino gehiagotan aldizkaritegia bertan behera uztea ere pentsatu izan dugun arren, ahalegina egitea erabaki dugu”. Aldizkaritegiarekin batera, Larramendi Bazkunaren beste hainbat zerbitzu eskainiko dute aurrerantzean Arantzibiako egoitza berrian. Dagoeneko martxan dira bertan 111 Akademiaren behin-behineko egoitza eta baita Larramendi Bazkunaren Erroitz argitalpenen zerbitzua ere. Bertatik argitaratzen dira, besteak beste, Aiurri edota Beterriko Liburua argitalpenak. “Ea elkarren babesean aurrera ateratzea lortzen dugun. Horixe da Doktor Huitzitik Arantzibiara aldatzeko gako edo giltzarria. Baina ikusi egin behar eginiko apustua ondo aterako ote den”.



Aldizkaritegiko bildumak

Rikardo Arregi aldizkaritegian gordetzen diren bildumen artean, zahar-zaharrenak faksimilak dira: XIX. mendeko Euskalzale edota Jaurlaritzak 36ko Gerra garaian argitaratu zuen Eguna egunkariarenak. Originalen artean, esaterako, Zeruko Argia aldizkariaren 50eko hamarkadaz geroztiko zenbakiak. Bilduma zaharren artean, ordea, hutsune handiak dituztela nabarmendu du Unanuek, Zeruko Argiaren kasuan, ez baitute 50eko hamarkada bitarteko alerik edota Iparraldeko Eskualduna-Herria aldizkariaren kasuan, 80ko hamarkada artekorik. “Hasi ginen garaian ahal izan genuen fondoa eskuratu genuen, baina gaur egun zaila da bereziki bilduma historikoak eskuratzea”. Trantsizio eta frankismo garaitik hasita, Anaitasuna, Goiz Argi edota Jakin moduko argitalpenak aipa daitezke, besteak beste. Eta, dudarik gabe, azken loraldikoak: 80ko hamarkadatik aurrerako herri nahiz eskualde mailako aldizkari eta egunkari gehienak biltzen baitituzte. Bilduma hori osatze aldera, iaz, Euskara Elkarteen Topaguneak euren funts osoa Bazkunaren aldizkaritegiaren esku jartzea erabaki zuen. Eskualdeko inork, bilduma zaharrak zakarretara bota aurretik, aldizkaritegirako interesekoak ote diren kontsulta egitea eskertuko lukete Bazkuneko kideek.

Argitalpenak koadernatuta

Maiztasunaren arabera, urtero edo bi urtez behin, aldizkari edota egunkariak koadernatuta gordetzen dituzte aldizkaritegian: Argitalpen bakoitzak kaleratzen dituen gehigarriak bereizita gorde ere. Adibide bat jartzearren, Mantangorri argitalpena, esaterako, ez dute Berriarekin batera gordetzen, bereizita baizik. Argitalpen bakoitzak bere bilduma berezitua du. Bilduma horiek koadernatzen Andoaingo Octavio Cánora aritu zen aurrena, baina azken urteotan Donostiako Capa koadernategian egiten dute lan hori.

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna


Zizurkil

Andoain

Urnieta