Jarduerak >>


Ikerlan saria

Euskal Herriko eta, bereziki, Beterri-Aiztondo eskualdeko historia, gizarte, kultura eta hizkuntzan ikerkizun eta ezagukizun diren gaiak landu eta hausnartzeko eta horiek idatzizko lanen bidez aditzera emateko helburua duten ikerketak diruz laguntzeko dei egiten du Manuel Larramendi Kultur Bazkunak, jarraian datozenak direlarik deialdiaren xehetasunak eta aipatu diru-laguntzak eskuratzeko bete beharreko baldintza eta arauak:

Deialdiaren helburua

Deialdi honen helburua Beterri eskualdeko (Aduna, Andoain, Asteasu, Amasa-Villabona, Larraul, Zizurkil, Urnieta…), edo, oro har, Gipuzkoa eta Euskal Herriko historia, gizarte, kultura edo hizkuntza gaietan jakingarri gerta litezkeenak ikertu eta ezagutzera emateko saiakerak idaztea da, eta, horretarako, hurrengo oinarrian adieraziriko diru-laguntzak banatzea.

Ikertuko diren gaien aukera bi ataletan banatzen da:

1. Norberak hauta eta epaimahaiari aurkez diezaion ikerkizuna, beti ere goian aipaturiko alorretakoa izanik zabalkunde eta irakurtzaletasun irizpideei erantzungo diena.

2. Ondoko gai hauetarikoa:

  • Aduna: Hartzen ehizetik Axeri dantzara.
  • Azelaindarrak, Sorabillako oinetxea.
  • Asteasu, bigarren gerra karlistaren agerleku.
  • Ezkondu aurreko harremanak. Bekatuaren grina?
  • Zeferino Ansa: alkate moderno baten itzala (Andoain).
  • Amasa-Villabona: izena duenak izana?

Saiakera lan horien luzera, 2.100 karaktere inguruko orrika kontaturik, gutxienez 100 orrikoa izango da.

Saiakera lanen ezaugarriak

Saiakera lanak euskaraz landu eta idatzirikoak izango dira. Horrenbestez, ezin izango da itzulpenik aurkeztu eta epaimahaiak gutxieneko idazkera mailakotzat irizten ez dituen lanak atzera botako ditu. Dena den, jatorrizko testuen iruzkina egiten denean, testu horiek jatorrizko erdaran aldatu ahal izango dira, epaimahaiak besterik adierazten ez badu, behintzat.

Lehentasuna izango dute Beterri eskualdeari edo aipatu herrietakoren bati dagozkion ikerkizunak.

Beterri Ikerlan deialdia Andoain, Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Larraulgo Udalek babesturiko “Beterri-Aiztondo Gerora Bidean” egitarauaren barruan antolatzen da.


Dirulaguntzak

Epaimahaiak bi dirulaguntza onartuko ditu, biak, gehienez ere, 2.500 eurokoak, baina dirulaguntza bi horien azken kopurua ez du erabakiko ikerketa lana eskuratu eta aztertu bitartean. Beraz, dirulaguntzak bi alditan ordainduko dira:

  • %40a, dirulaguntza ikerkizun jakin bat egiteko erabakia hartzen den unean.
  • Gainerako %60a, epaimahaiak saiakera irakurri, ontzat eman eta dagokion azken dirukopurua onar dezanean.

Beraz, azken diru-kopurua eskuraturiko lanak hartu dukeen edukiaren nolakotasuna eta luzera aztertu ondoren erabakiko du epaimahaiak.

Nolanahi ere, epaimahaiak 5.000 € kopuruko dirulaguntza bakar bat eman ahal izango du, aipatu biak bat eginda.

Eskaerak aurkeztea

Eskaerak aurkezteko epea 2010-ko azaroaren 26an amaituko da, eta honako helbidera eraman behar dira edota bertara posta bidez bidali:

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna
Ikerlan deialdia 2011
Bulandegi bidea, 23-behea. Karidade-enea
20.150 ZIZURKIL

Saiakera egitasmoa

Saiogile edo/eta ikerlariak dirulaguntza eskaera aurkeztu beharko du, horren bidez adieraziz zein gai aztertu eta azaldu nahi duen, jorratu duen saiakera lanari buruzko ondoko xehetasunak eskainiz:

  • Gaiari buruzko laburpena, ikerlanaren abiapuntua edo zioa eta helburuak zein diren azalduz.
  • Saiakera laneko atalak zehaztea (aurkibide proposamena).
  • Ikerlana egiteko erabiliko dituen iturri bibliografiko eta agiritegietakoak, eta iturritzat jo litekeen beste nolanahikoa.
  • Landa lanik egitekotan balitz, landa-lan horiei buruzko oinarrizko xehetasunak.
  • Ikerlana irakasle edo beste ikerlariren baten zuzendaritzapean egitekotan balitz, zuzendariaren izena eta ikerlanarekiko duen ardura.

Aipatu xehetasun guztiak, gehienez ere sei orrialdeko txostenean jasoko dira, eta eskaerarekin batera aurkeztuko dira. Eskaerarekin batera bere curriculum vitae ere aurkeztu beharko du eskatzaileak.

Epaimahaia eta erabakia

Dirulaguntzen emakida ondoko kideek osaturiko epaimahaiak erabakiko du:

  • Epaimahaiburu: Jon Unanue López, Larramendi Bazkuneko lehendakaria.
  • Epaimahaikide: Joxin Azkue Gabilondo, Garbiñe Agirre Azpiazu eta Jose Antonio Rodriguez Ranz.
  • Idazkaria: Mari Juli Azkue Arrastoa.

Epaimahaiak azken erabakia kideen arteko bi herenen aldeko botuez hartu beharko du, 2010-ko abenduaren 23a aurretik.

Epaimahaiak dirulaguntza deialdi hau hutsik utzi ahal izango du, aurkezturiko ikerketa proiektuen artean bere iritziz nahikoa mailakorik hautemango ez balu. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.

Ikerlana argitaratzea

Epaimahaiak proposaturikoari jarraiki Larramendi Bazkunak erabakiko balu ikerlana bere bilduman argitara ematea, dirulaguntzaz ordaindu eta kitatutzat joko ditu lehen argitaraldiari dagozkion egile eskubideak, bere esku geratuko baitira.

Saiakera lana aurkezteko epea

Dirulaguntza jasotzen duen ikerlariak 2011-eko irailaren 30a baino lehen eskuratu beharko dio lana epaimahaiari, hala paperean inprimaturik nola eustarri informatikoan ere. Behin aurkeztutako lana irakurri eta horren gaineko iritzia osatu ondoren, epaimahaiak urriaren 31 baino lehen hartuko du bere erabakia, eta horren arabera ordainduko zaio egileari dirulaguntzaren bigarren zatia. Baita horren arabera ere, Larramendi Bazkunak idatziriko lanak bere Saiakera izeneko bilduman argitara ematea ala ez erabakiko du.

Oinarriak onartzea

Deialdi honetara aurkezteak oinarriok ontzat ematea dakar berarekin, eta dirulaguntza jasotzeko nahitaezkoa izango da oinarriotan finkaturikoak osorik betetzea.

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna


Zizurkil

Andoain

Urnieta