Herriak >> Andoain


Andoaingo gudua 1837

Testuingurua

Fernando VII. Espainiako erregea hil ondoren liskar politiko izugarria piztu zen Erresuma espainiarrean bere oinordeko nork behar zuen erabakitzeko. Legez auzia erabakirik zegoen aurretik: Fernando VII.ak seme oinordekorik ez zuen arren, bi alaba zituen, eta berariaz 1830.ean Lege Salikoa indarrik gabe utzi izanari esker haietako bat izan zitekeen erregearen oinordeko erregina: Isabel IIa. Artean Isabel neska koskorra zen, eta adin nagusira iritsi bitartean bere ama Maria Cristinak hartuko zituen bere esku erreginari zegozkion egitekoak. Baina betiko eta usadiozko legeen alde zeudenak, Lege Salikoaren defendatzaileak, ez zeuden prest emakume bat izan zedin Fernando VII.aren oinordeko, ezta bere alaba izanagatik ere, eta eskubide hori Fernandoren anaia Karlos V.ari zegokiola aldarritzatzen zuten. Bi jarrera horien arteko liskarrak piztu zuen 1834. urtean lehenengo Gerrate karlista.

Gerrate karlista, ordea, Isabel II.aren aldekoen eta Karlos V.aren aldekoen arteko dinastia liskar bat baino arazo askoz sakonagoa zen, korapilo bihurriagoa; azpian zekarrena Estatua antolatzeko erabide edo sistema absolutista edo tradizionalaren eta Espainian indar handia hartzen ari zen goi eta erdi mailako burgesiak elikaturiko ikuspegi eta erabide liberalaren arteko liskar politikoa zen. Liskar politiko oso konplexua, ordea, liberalismoak burgesia jakin baten eta militarren interesei erantzuten baitzien neurri handi batean eta, karlista eta absolutistek, berriz, Antzinako Erregimenaren alde eginik erabide liberalak bertan behera utzi nahi zituen euskal foruen alde egiten baitzuten. Horrela, bada, liberalekin euskal foruak galtzea, bere betiko burujabetza eta bizimodua oso arriskuan ikusten zuen herritar xume askoren kezka zen, eta Euskal Herria, ostera, karlistentzat lehenengo gerra hartako penintsulako lurralderik garrantzitsuena gertatuko zen.

Bestetik, eta ez zuen pisu txikiagoa, eliza eta sinismen katolikoarekiko jarrera zegoen: liberalek, eliza katolikoaren nagusikeria eta eskubide historikoak murriztu eta gizartean eta politikan zuen eragina neurri handi batean ezabatu nahi zituzten bitartean, Karlos V. aldekoek elizaren eta haren esku hartze eta eskubideen defentsa sutsua egiten zuten, Jaungoikoaren Legea beste guztiaren gainetik jarriz.

Testuinguru horretan eta gerra piztu eta bilakatu ahala Andoaingo herria eta ingurukoak ukitu zituen.


Guduak Beterrin

1837. urteko irailaren 14an, gertakari historiko eta militar ankerra gertatu zen Andoainen, Andoaingo bihotzean bertan. Karlos V. erregearen aldeko gudarosteek (karlistek) eta Isabel II. erreginaren aldeko (edo agintean zegoen Maria Kristina bere amaren aldeko) gudarosteek borrokaldi itzela izan zuten Andoaingo lurretan, eta borrokaldi horien erdigune eta abiapuntua Gurutze Santuaren elizatxoan bertan, zubian, kokatu zen. Mendigorria, Oriamendi edo Arlabango guduen ondoren, I Gerrate Karlista osoan izan zen gudurik ankerrenetakoa izan zen, bertan 600 eta 800 bitarteko lagun hil baitzen, gehienak liberal edo giristinoak.

Gaur aurkeztuko dugun egitasmo hau osatuz gero aukera izango dugunez aurrerago gudu horri buruzko nahi beste xehetasun eta berri emateko, orain, esan dezagun labur, karlistek bere frontea denbora luzez Andoainen finkaturik izan zutela, hain zuzen ere frontearen lerroa Sarmendi eta Arrateko muinoetan eta Kaletxikiko aldaparen erdiparean barrena baitzetorren, Erroitz errekari jarraituz Pagamendi aldera igotzeko, lerro hori zegoelarik borrokarako gotorturik. Nolanahi ere, karlistek Urnieta eta Hernani ere bere mende zituzten.

Karlisten gudarosteak ez ziren ugari Gipuzkoan, Karlos erregearen gudarosteak Madril aldera jotzeko mugiturik baitzebiltzan. Horrela, karlisten buru Urangak bost bataloi baizik ez zuen Gipuzkoan, eta horietako lau Urnietan eta Andoainen, bostgarrena talde txikietan barreiaturik zuelarik kostaldean. Lau bataloi horiek bereziki Andoainen zuten fronterik gotortuena, Urnieta eta Hernanirantz joan-etorrian zebiltzalarik.

Liberal giristinoen buru militarrak, O'Donell jeneralak, ikusirik zein gudaroste txikia zuten utzia karlistek Gipuzkoan, gizon eta artileria ugariz erasoa jotzea deliberatu zuen eta, horrela, 1837ko irailaren 8an, oso gogor oldartu ziren liberalak, karlisten aurka joz Hernani eta Urnietan eta, karlistek, kopuruan eta indarrez gainezka zetozkien liberalen oldarraldiari eutsi ezinik, bi herri horietatik ospa egin zuten arineketan eta Andoaingo Kaletxiki eta Goikoplazako lubakietan ezin eutsirik ere, Leitzaran eta Oria ibaien babesa behar izan zuten, ibaiez beste aldera igaroz.
Liberalak Santa Kruz zubiraino aurreratu ziren eta egonaldi luze baterako prestakuntzetan hasi ziren, Goikoplazan bereziki, non kanpamendua antolatu ahal izateko baliabide ugari ekarri baitzuten. Liberalek, Hernanin barrena jo zuten erasoan, lur kiskaliko deritzon jokabide militarra izan zuten Andoainera iritsi ahala, hots, bidean topatu zuten baserri eta etxe oro erre eta birrindu zuten, bereziki, Buruntza eta Leizotzeko baserri ugari. Izan ere, gudaroste liberalen arteko soldadu ugari Atzerritar Legio berrikoak ziren, britainiarrak gehienak, eta irabazi behar zuten inguruneari beldur handia zioten; beraz, euren ikuspegi militarretik aurrera egiteko era bakarra bidean etsaien ezkutaleku izan zitekeen guztia kiskaltzea zen eta herritarrak ihesean -onen-onenean- jartzea. Asko izan ziren, horrenbestez, Andoaingo baserrietatik Oria eta Leitzarango karlisten lerroen atzean babesa hartu zuten herritarrak.

Andoaingo gudua

Gauzak horrela, Karlisten jeneral Uranga, erasoaren berri izan bezain laster, Nafarroatik Andoainera etorri zen egoera berria ikuskatzera, eta bertatik ekarri zuen bataloi pare bat eta gida konpainia bat. Liberalen gudarosteen kopurua, artileria eta antolatzen ari ziren kanpalekua ikusi orduko, lehenbailehen aurreko kokaguneak berreskuratu behar zituztela ulertu zuen, giristinoek bere lerroa bertan finkatu aurretik, eta bere gudalburu nagusiek erokeriatzat jo zuten arren kontraerasoa Oria eta Leitzaran ibaiak zeharkatuz, brigadierren jarrera tinko eta ausartak erabaki hori hartzera bultzatu zuen, eta prestakuntza guztiak egin zituzten liberalak kontraerasoan ezustean harrapatzeko.
Eta erabaki horren ondorioz, Uranga jeneralak bere gizonak, zalditeria eta artileria oldartu zituen 1837ko irailaren 14an, hain zuzen ere Gurutze Santua Goratzeko egutegiak markatzen zuen egunean, goizaldeko ordu txikietan, Gurutze Santuaren zubiaren beste aldea zaintzen zuten liberal edo giristinoen kontra. Orain ez dugu xehe azalduko gudu ikaragarri haren berri, baina horren ondorioz, O'Donell jeneralak agintzen zituen liberalek galera ikaragarria jasan zuten, eta karlistek eta haien lerroetan babestu ziren heritarrek "ez da kuartelik su ematen dubenentzat!!" aldarripean 600 eta 800 bitarte hildako eragin zizkieten liberalei, asko eta asko Atzerritar Legio berria sosatzen zuten ingeles eta irlandarrak, oso modu bortitzean hil zirenak Andoaingo kaleetan.
Orain abiatzen naiz
paratzen kantuak,
kobardiatu dute
Kristino tontuak;
Karlistak a cuchillo
An ziran kontuak!
Milagroa egin du
Gurutze Santuak
Seko gelditu dira
zortzi eun da piko,
zuzen ibili balira
etzituzten ilko;
etxerik erre gabe
ez dutela utziko,
oraƱ pagatuko dute
larrutikan pijo.


Oroitzapena

Andoaingo gudua Gipuzkoan egon den gertakari militarrik larrienetakoa izan da, bai behintzat egun batean eta gudu bakar batean izandako hildakoen kopuruari bagagozkio. Gainera, lehenengo gerra karlistan izandako gudu gehienetan bezala, ankerkeria ikaragarriz burutu zen hala liberalen nola karlisten aldetik eta baita herritarren aldetik ere.

Larramendi Bazkunaren iritziz halako gertakari historikoa ezin da gure herriaren oroimen historikotik besterik gabe ezabatu. Are gehiago, neurririk gabeko bortizkeria ankerraren ikur egin beharko genuke, gure oroimenean astindu ikas dezagun bortizkeria itsuak eta ankerkeriak, zentzuz kanpoko setakeriak ez dakarkiola gure herriari hondamendia besterik. Ez da ulertzekoa, beste gauza askotan egin ohi den legez, nola garen gauza beste herri batzuetako bizipen historikoak, ohitura eta tradizioak gurean txertatu eta suspertzeko -Donostiako danborrada, Halloween gaua, etab.-, eta herrian bertan bizi izandako gertakari historikoak guztiz ahazteko. Andoaingo gudua ez da Andoainen ahantzi dugun gertakari bakarra, baina, zalantzarik gabe, bai nagusienetakoa.

Gisa horretako gertakari historikoa gure oroimenean astintzea eta antzeztuz biziberritzea, gainera, andoaindarren herri-sena edo kontzientzia suspertzeko bitarteko baliagarria izan litezke, herri-giroa bizkortzeko bitarteko ezin egokiagoa, gure kaleetan andoaindarren hatsa eta taupada berriz indartzeko bidea. Ez hori bakarrik, ondoko xedeak ere har ditzagun aintzakotzat:

  • Kultura jarduerak gauzatuz, jendea hurbileko zaizkion gai historikoetan hezitzeko.
  • Herri bateko kide eta bere historiaren lekuko eta eragile izatearen sentimena indartzeko.
  • Gure arbasoak, haien ahalegin eta nekeak omentzea, haiek aintzatetsiz, haiengana hurbilduz baina, batez ere, ez ahaztuz.
  • Historiak utzi digu irakaspen hori behingoagatik ikasteko, oso kontuan hartuz bake eta adiskidetasun balioak.
  • Iraganari erantzuteko eta gure etorkizuna aintzat hartzeko.
  • Pertsonen arteko ika-mika eta gorabeherak katalizatzeko.
  • Herri bateratu eta aiurrikoa sortzeko.
  • Bizipen pertsonal berri eta aberasgariak eragiteko.
  • Herriko merkataritza suspertzeko.

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna egitasmoa berezia prestatzen ari da, zeinaren bidez Andoaingo herritar ugari Andoaingo gudua izenburuko herri-antzezpenean partaide egin nahi baitu, eta, gisa horretara, 1837 gertakari izugarri horiek biziberritu. Une honetan, ikuskizun horren hezurdura izango den gidoi-proposamena lantzen ari gara, hori behar bezala egiteko agiriak eta bibliografia biltzen, eta horrekin batera, berehalako batean egitasmoa gauzatuko duen taldea osatu nahi genuke, herriko gainerako elkarte eta soziedadeekin hitz eginez, baita bestelako gizarte eta ekonomia eragileekin ere. Gainera, antolakuntza talde horretan antzezkizuna ekoizteko adituak beharko ditugu hainbat alorretan, musika eta koreografia egileak, esate baterako, edo antzerki eta dramatizazioan eskarmentua dutenak. Giza-balibiadeetaz gain, ez dute garrantzi txikiagorik izango jantziek, tresneriak, gailuek eta gainerako trepeta guztiek, xedea argia baita: ahalik eta erarik sinesgarrienean biziberritzea orduko gertakariak, sinesgarritasunak emango dielakoan herritarren aurrean dagokien oihartzuna eta horrek berak eragingo duelakoan botizkeriaren aurkako aldarrikapena.

Osatu nahi dugun egitasmoaren irismena handia da, eta handia izango da egin beharko den lana guztia behar bezala bideratzeko. 2012an, Andoaingo guduaren 175. urteurrena beteko da, eta aurreko urtean egin nahi dugu lehen agerraldi bat, saiakuntza gisakoa, Andoaingo kaleetan barrena, 2012. urtean agerraldi osatua andoaindarren aurrean bistaratu ahal izateko.

Bi hitzetan zera esan diezazuekegu, oraingoz: antzezpena, lehen emanaldi batean, Gurutze Santuaren eliza eta Goikoplaza bitartekoa egin nahiko dugula. Ondoren, emanaldi nagusia Goikoplazan bertan izango da eta, agian, inguruetan.

Duela hamar bat urte jaio zen egitasmo hau Larramendi Bazkunaren baitan, eta, geroztik, hor ibili dugu, urtero-urtero lan-egitarauan sartu baina gorpuztu ezinik. Orain, azkenik, lehen hazia erein duen taldetxoa osatu dugu, eta gorputz horri tamaina emateko garaia iritsi da. Gure egitasmo hau andoaindaren artean zabaltzeko hainbat ekimen jarriko dugu abian, Lekukotzak gure bildumaren zenbaki bat, esate baterako, horretara bideratuko dugu, eta ahalegina egingo dugu ahalik eta andoaindar kopururik zabalenak esku har dezan.

Erne!!

Logotipoa hautatzeko lehiaketaren epea amaitzear!!

2011ko uztailaren 29an amaituko da epea proposamenak aurkezteko Andoaingo gudua ekimena irudikatuko duen logotipoaren lehiaketara.
Egileek bere lanak Larramendi Bazkunaren Andoaingo egoitzan aurkeztu behar dituzte, Dr. Huizi kaleko 15. zenbakian, uztailaren 29ko 14:00 orduak baino lehen.
Epaimahaia Xabier Lakak, Eduardo Arreseigorrek, Irati Guarretxenak, Aitor Amutxastegik eta Bakartxo Iguaranek osatuko dute eta bere erabakia irailaren 6a aurretik hartuko dute.
Sarituak agiria eta 600 €-ko saria jasoko du.
Hautaturiko logotipoak Andoaingo gudua izeneko ekimena irudikatuko du jendaurreko agerkunde orotan. Lehiaketa arautzen duten oinarriak jaitsi nahi badituzu sakatu oinarriak... Oinarriak

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna


Zizurkil

Andoain

Urnieta