Bazkide izan nahi al duzu? >>


Non duzu mihia?

Aurrekariak

Orain hemeretzi urte Andoain, Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Larraulgo euskaltzale batzuek bat egin genuen helburu jakin batekin: egunero gure hizkuntzan bizi ahal izateko euskararentzat esparru berriak irabaztea, euskararentzat lekua egitea gure gizartean, gero eta handiagoa, gure etxeetan euskara finkatzea, gure lagunarteetan euskaraz bizitzea… Horretarako elkartu ginen; uste osoa genuelako herrian bertan asko zela egin beharrekoa, eta asko zela egin beharrekoa ere eskualde edo bailara mailan. Batek ez zuela zertan bestea eragotzi behar…

Aldizkaria

Lehenik eta behin Aiurri aldizkaria sortu genuen eskualde osoan, orain hamazazpi urte, eskualdeak bere nortasuna azalduko zuen euskara hutsezko agerkaria behar zuelakoan. Aiurriren ondoren beste hamaika ekimen eta jarduera etorri dira, batzuk herri mailakoak, besteak eskualdekoak, gutxi batzuk Euskal Herri osora hedatu direnak.

Beterri izena berreskuratu eta biziberritu genuen eskualdearentzat, izen zahar bezain jatorra, Goierri eta Toloserrirekin batera Gipuzkoako ekialde osoari deitura eman ohi ziona. Beterri, Ernio edo Aitzondotik Orio eta Hondarribia bitarteko kostalderaino.

Beterri-Aiztondo dira, beraz, gure sei herri horiek eta sei herri horietan hasi zen lanean Manuel Larramendi Kultur Bazkuna, batzuetan eskualde mailako ekimenak antolatuz –Aiurri aldizkaria, esate baterako–, beste batzuetan, herri bateko ala besteko ekintza jakinak burutuz. Gutxik ezagutzen dute bere izenez –Manuel Larramendi Kultur Bazkuna = MLKB– eta gehienek Aiurriren izenarekin egin gaituzte ezagun, baina MLKB askoz gehiago da.

Egitarau zabala

Hemeretzi urtetan ekimen eta ekintza egitarau oso zabala antolatu duen elkartea da, hemeretzi urte hauetan hiru arazo nagusik mugatu, moteldu, mantsotu dutena baina:

  • Lehenengo arazoa: bazkide gutxi. Gurea, euskaldun ugari bizi den eskualdea izan arren gutxi izan dira gurekin 19 urte hauetan bat egin duten herritarrak, guztiz bat egin dutenak bazkide gisa, alegia –guztira 155–. Gehiago dira, dezente, Aiurri aurrera ateratzen lagundu digutenak harpidedun gisa, eskualde osoan 1800.
  • Bigarren arazoa: bazkide gutxi izanik ez da erraza izan bazkunaren jardunari eustea urte hauetan guztietan; oso zaila belaunaldi berriak inguratzea, zaila kemena eta adorea biltzea ekintzak burutzeko, elkartea bideratzeko, batzorde eta lan-taldeak osatzeko. Horrenbestez, gazte izatera iritsi gabe zahartu egin da gure bazkuna.
  • Hirugarren arazoa: bazkide gutxi = diru gutxi; bazkideek urtero eman dezaketena zuzenean bere patrikatik gutxi delako eta gutxi bazkideen borondatezko lanak sor dezakeena. Ahalmen ekonomiko txikia gutxieneko egitura bati eusteko.

Gizarte euskaldunari eutsi

Hiru arazo horiek izen bakarra dute, irtenbide bakarra: euskaldun zaren horri dei egitea, euskaltzale baldin bazara behinik behin, bat egin dezazun gurekin BAZKIDE eginez, guri laguntzeko, gu ordezteko edo behinik behin, gu babesteko.

Horrela baino ez dugu lortuko gizarte euskaldunari eustea, gizarte euskaldun biziberritua osatzea, gure hizkuntzan gero eta trinkoago bizi eta hazi ahal izatea, gizarte euskaldun askea eraikitzea, gizarte euskaldun aberasgarria...

Zatoz eta egizu bat gurekin! Aukera ugari duzu eta diruak ez du aitzaki izan behar. Egin zaitez bazkide eta zerorrek erabaki zenbateraino hartu nahi duzu parte elkartearen dinamikan.

Bazkide egin zaitez















urtea-hilabetea-eguna







Pausoa eman

Hala eta guztiz ere, arrazoi bategatik ala besteagatik bazkide izateko pausua eman nahi ez baduzu baina AIURRI gure aldizkaria gogoko duzulako etxean jaso eta lagundu nahi baduzu, HARPIDEDUN egin zaitezke eta, orduan, aldizkariagatik urte osoko saria ordainduko duzu. Hori da gu laguntzeko beste modua. Jakina, Larramendi Bazkuneko bazkide egiten baldin bazara, Aiurri etxean berdin-berdin jasoko duzu urteko harpidetza-saria ordaindu gabe. Batera edo bestera euskarak aurrera egiteko aukera lagunduko duzu! MLKB-ko bazkide edo Aiurriko harpidedun, bietako batekin mihia berriro aho-sapaian euskaraz nabarituko duzu!

Gure ekimen nagusiak

Www.aiurri.com
Aiurri-txiki
111 akademia
Beterriko liburua
Lekukotzak
Manuel Larramendi ikerketa saria
Saiakera bilduma
Euskal Herrian barrena
Kulturen arragoa
Gure amaren etxea
Beterriko bertsolari txapelketa
Andoaingo bertso-eskola
Andoaingo gudua
Atzoko Andoain eta andoaindarrak
Lumane
Argazki liburuak
Santa yageda
Algodonerako emakumeak

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna


Zizurkil

Andoain

Urnieta